Xuxen Elhuyar Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa taldearen artean garatutako euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala da. Bi hamarkadatik gora joan da dagoeneko Xuxen sortu genuenetik. Hizkuntzalari eta informatika-ingeniariek elkarlanean sortutako sistema hark iraultza ekarri zuen ordenagailu bidez testuak euskaraz idazten ditugunontzat.
Hasierako Xuxen sortu genuenetik, haren hainbat bertsio sareratu ditugu (Microsoft Officerako, OpenOffice.org eta LibreOfficerako, web-nabigatzaileetarako, Adobe Indesign-erako...), eta, ortografia-akatsak hautemateaz gain, proposamen gramatikalak egiten ere irakatsi diogu Xuxeni.
Baina informatikan oso azkar gertatzen dira aldaketak, eta programa eta aplikazioak etengabe eguneratzen dira. Gure hizkuntzan ere gertatzen dira aldaketak: Euskaltzaindiak arau berriak egiten ditu, hitz berriak sortzen dira... Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen ere eguneratzen dugu. Azken bertsioa 2018ko maiatzean kaleratu dugu, ingurune digitaletan idazteko erabiltzen diren tresna ezagunenen bertsiorik berrienetarako egokituz. Horrekin batera, Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyar Hiztegiko azken aldaketak txertatu ditugu euskarazko zuzentzailearen datu-basean, Xuxenek proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal egokienak egin ditzan.
Xuxenek, bere bertsio guztietan, gorriz azpimarratzen ditu gure akats ortografikoak: zihur, xagu, akanpaleku, iharduera, konbidatu... Eta horiek nola zuzendu proposatzen digu.
Bestalde, berdez edo urdinez azpimarratzen ditu hitzak, zuzenak izan arren Euskaltzaindiak beste forma bat hobesten duen kasuetan, hala nola bordatu, fondo, nahastu, ainitz... Eta Euskaltzaindiak hitz horien ordez hobesten dituen ordainak proposatzen dizkigu.
Azkenik, Microsoft Word testu-prozesagailuan, zenbait akats gramatikal ere berdez edo urdinez azpimarratu eta zuzentzeko proposamena egiten du: gosea daukat, ikusiko gara...
Microsoft Office berrienetan (Office 2016 arte) erabiltzeko prest dago Xuxen. Beraz, gure ordenagailura deskargatzen badugu, aipatutako hizkuntza-zuzenketa eta -proposamen guztiak balia ditzakegu Word-en testu bat idazten ari garenean, adibidez. Eta erabiltzailearen hiztegia osatzeko aukera ere izango dugu, Xuxenekin batera erabiltzeko.
Horrez gain, sistema hauetan guztietan txertatzeko pluginak ere eskuragarri jarri ditugu, zuzenketa ortografiko eguneratuak egin ditzaten:
Eta, jakina, Xuxenen onlineko bertsioaren datuak ere berritu ditugu, zuzendu nahi dugun testua orri nagusiko testu-koadroan sartzen dugunean zuzenketa eta proposamen eguneratuak egin ditzan.
Xuxenen azken bertsioa zure ordenagailura deskargatzeko, egin klik hemen.
Xuxenen onlineko bertsioari buruzko informazio gehiago erabiltzailearen eskuliburuan aurkituko duzu.
Microsoft Office-rako Xuxen erabiltzeko argibideak erabiltzailearen eskuliburuan aurkituko dituzu.
Gainera, webgune honetan erregistratzen bazara, Xuxenen eguneratze eta berrikuntza guztien berri jasoko duzu zure helbide elektronikoan.